Erlijioen Zuhaitza

 

 Modu  batean edo bestean, gizateriaren historian zehar kultura guztiek garatu dute erlijioa bizitzan denok nahi dugun zoriontasunaren bilaketa gisa.

GIZATERIAREN HASTAPENETIK

Paleolitoko aztarna arkeologikoek argitu dutenez, hedriotzaren eta ugaltzearen misterioak eragin handia zuen gizaki primitiboengan. Naturaren indarren mende zeudela uste zuten, eta izaki goren bat bazela sinesten zuten: izaki bizidun guztien bizi-iturria, hain zuzen. Izaki goren horrekin harremanetan jartzeko errituz baliatzen ziren.
Gizaki primitiboek hil ondoren ere bizia bazela uste zuten, eta, ondorioz, hildakoak ehorztean, elikagaiak eta tresnak jartzen zizkieten ondoan.

 

  ERLIJIO TRADIZIONALAK

Antzinatik gure egunotara, zenbait erlijio-adierazpenek iraun egin dute gizartean: adierazpen horiei erlijio tradizional edo primitibo esaten zaie. Erlijio hauen arabera, bada ezohiko izaki misteriotsu eta bitxi bat. Izaki horri hainbat izen eman dizkiote: Mana, Ka, Manitu eta abar.
Elementurik ohikoenen artean hauek dira nabarmenak:
Animismoa: Indar naturalak (zerua, lurra...) eta naturako elementuak (ura, sua...) bizidunak dira, eta haien espirituak bizi direla sinesten dute.
Fetitxismoa: Gizakiak egindako estatuatxoetan edo objektuetan bizi diren espirituen kultua edo gurtza.

Manismoa: hildakoen kultua.
Totemismoa: Totema izaki biziduna edo bizigabea da, eta giza taldeak harengandik datozela uste dute.

 

 

  

 

 



DESAGERTUTAKO ERLIJIOAK

Egipto

Egipton, gizarte-bizitza guztia erlijioan oinarritzen zen. Hona hemen Egiptoko jainko-jainkosarik garrantzitsuneak: Osiris, hildakoen jainkoa; Isis, emakumeen eta umeen jainkosa babeslea; eta Horus, zeruaren jainkoa.


 

 

 

Mesopotamia

Mesopotamian estatu-hiriak zeuden, etabakoitzak bere jainkoa edo jainkosa zituen. Erregeak edo erreginak jainko edo jainkosaren nahia interpretatzen zuen zeinuen arabera. Jainkorik garrantzitsuena Marduk zen.  

Antzinako Grezia





Greziar erlijioak giza itxura eman zien bere jainko-jainkosei, eta kontakizunak eta mitoak sortu zituen haien inguruan. Greziar mitologia ez da jainko-jainkosen multzoa soilik: jainko-jainkosa joriei buruzko istorioak eta haiek gizakiekin zituzten harremanei buruzko istorioak ere biltzen ditu. Jainko eta jainkosa horiek Olinpo mendian bizi ziren.
Jainkorik garrantzitsuneak hauek dira: Zeus, jainko ahalguztiduna eta beste jainko-jainkosen burua; Poseidon, itsasoetako jainkoa; Apolo,Hera, Atenea, Artemisa, Demeter, Hefesto, Ares, Afrodita, Hermes, Afrodita...

Erroma

 

Greziarrengandik hartu zituzten jainko-jainkosak eta izena aldatu. Beste jainko-jainkosa batzuk, eremu pribatuetan gurtzen zituzten: etxearen zaindari ziren Jaiko-jainkosak (lareak), hain zuzen.
Mediterraneoko herrietan egiten zituzten konkistetan aurkitutako erritu eta erlijio asko ere bereganatu zituzten erromatarrek.

EKIALDEKO ERLIJIOAK

Asiako hegoaldean, erdialdean eta ekialdean zenbait erlijio garatuz joan dira. Garrantzitsuenak hinduismoa eta budismoa dira, baina badaude beste batzuk ere (Konfuziamismoa, Taoismoa eta Xintoismoa).

Hinduismoa

Ganges ibaiaren ertzetan bizi ziren herrien sinesmenetatik eta gurtzetatik sortu eta garatu zen.
Hinduen ustez, pertsonen zoriona edo zoritxarra aurreko bizitzetan izandako jokaera onaren edo txarraren ondorio dira. Bizitzan egiten ditugun ekintzek baldintzatu egiten dituzte ondorengo bizitzako ezaugarriak.
Bikantasun gorena lortu arte, behin eta berriz jaioko gara hil ondoren, animalia edo giza itxuraz, gure merezimenduen arabera.
Gurtzen diren hainbat eta hainbat jainko-jainkosen artean hiru nabarmentzen dira: Brahma, unibertsoaren eta izaki bizidun guztien sortzailea; Xiva, unibertsoa suntsitzen duen jainkoa; eta Visnu, unibertso osoa zaintzen duen jainkoa.

Budismoa

Siddharta Gautama, geroago Buda izango zena, India eta Nepal arteko herrixka batean jaio zen K.a. 556. urte inguruan. Era guztietako erosotasunen artean hazi zen.
Hirira egin zituen hiru bidaiatan, ordura arte ezagutzen ez zituen zoritxarren berri izan zuen. Hori ikusita, bizitzako plazerek eta erakarpenek pertsona ez dutela betetzen ohartu zen. Orduan, etxea utzi eta benetako ezagutzaren bila abiatu zen.
Bere irakaspenak Indian zehar zabaltzeari ekin zion eta monje eskaleen antzera bizi izan zen. Laurogei urte zituela hil zen.
Nirvana budismoaren helburua da. Desirarik, gorrotorik edo iruzurrik gabeko egoera adierazteko erabiltzen da.


 


 

 

 

ERLIJIO MONOTEISTAK

Judaismoa, kristautasuna eta islama erlijio monotestistak dira. Hiru erlijio horiek jaiko bakarrean sinesten dute. Hiruotatik, judaismoa da zaharrena. Judaismoaren barruan kristautasuna sortu zen: izan ere Jesus judua zen. Sei mende geroago islama sortu zen.

Judaismoa

Ekialde Ertainean sortu zen. Abraham eta Moises dira pertsonai nagusiak. Palestinan garatuz joan zen.
Judaismoak Jainko bakarrean sinesten du (Jahverengan): Jainko horrek juduen herria aukeratu zuen eta lurralde bat eman zien. Juduak Eskritura Santuaren irakurketan (Torah) oinarritzen dira batik bat, eta, bertan, arbasoen istorioak (Abraham, Moises, David, Salomon eta abar) eta haiek Jainkoarekin zuten harremana azaltzen dira.
Larunbata (sabbath)
 da asteko egun santua, eta orduan sinagogara joaten dira Eskritura irakurtzera eta otoitz egitera.




Kristautasuna

Nazareteko Jesusek sortu zuen kriutautasuna. Kristauen Biblia Itun Zaharrak eta Itun Berriak osatzen dute. Itun Zaharra bat dator hein handi batean juduen Bibliarekin; Itun Berrian, berriz, Jesusen bizitza kontatzen da (ebanjelioetan) baita lehen kristauen bizitza ere (Apostoluen Eginetan eta Gutunetan).
Jesus Jainkoaren Semea da, gizaki egina. Bere bizitzaren, heriotzaren eta pizkundaren bidez, Jainkoaren erreinua abiatu zuen Jesusek (Jainkoaren salbamena).
Kristau-elkarteak, Elizak, mendez mende jarraitzen du salbamen-mezu hori gizateria osoari helarazten. Igandea da jaieguna Kristauentzat, Jesusen pizkundearen eguna baita.

Islama

 

Mahomak sortu zuen VII. mendean Arabiako penintsulan. Mahomaren irakaspenak Koranean daude bilduta: horixe da islamaren liburu sakratua.
Musulmanek Ala Jainko bakar eta ahalguztidunarengan eta Mahoma profetarengan sinesten dute. Ostirala dute jaiegun eta, orduan, meskitara joaten dira Koraneko hitzak entzutera eta otoitz egitera. Koranean musulmanek jarraitu beharreko jokabideak ageri dira: egunean bost aldiz otoitz egitea, limosna ematea, Ramadanaren hilean barau egitea eta Mekara erromes joatea.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina